XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MATTIN BIHOTZANDI (Dutea ekartzen diote): Huna, andereak, etxekandrearen partez.

ANDERE BAIBAI: Etxekandrearen partez!

MATTIN BIHOTZANDI: Bai haren partez eta etxeko-jaunaren partez.

ANDERE BILBIL: Ez dute beraz gure alderat herrarik?

(Zentzuluz eta Kaxkopel agertzen dire)

ZENTZULUZ: Agur, ttantta maiteak.

KAXKOPEL: Ez mugi, ez mugi.

ANDERE BARE: Dute onskoa!

ANDERE BILBIL: Barnea goxatzen du!

ANDERE BAIBAI: Hola dut gustukoa: bero-beroa!

KAXKOPEL: Ikusi dugu atzo zertarat doan etxea, ez balin bagaude bakotxa gure tokian.

ANDERE BARE: Zer erran nahi duzu?

KAXKOPEL: Bai, ttantta, emazteak argitua ibiltzeko orde, zuekin ibili naiz.

ANDERE BILBIL: A, gaixoa! andere Bare-rekin ibiltzen bazare...

ANDERE BAIBAI: Oi! oi! atzoko karmañola!...

ZENTZULUZ: Hau erran behar dut: andere Bare, gure ttantta, ez da andere gaixtoa.

ANDERE BARE: Dutea baino ere ele goxoagoa!

ZENTZULUZ: Jitez goxoa da, eztia, jendakina.

ANDERE BARE: Hauk konplimenduak!

ANDERE BILBIL: Esne-urina iduzkitan bezala, urtuko zaiku gure Bare barea.

ANDERE BARE: Mokofin! hik, segur, bahuke urtzearen beharra.

KAXKOPEL: Ixil, andereak, ixil!

Entzun-azue Zentzuluz.

ZENTZULUZ: Bakotxak badugu gure jitea; bainan bakotxaren jitea gaikiratzen ahal da ala oneratzen.

Nere senarrak, bere onean delarik dionaz, badut zentzu; bainan zentzua ere behar da oneratu, behar da maitasun-bidean sar-arazi.

Hori faltatu zaitala ohartu naiz, Mattin Bihotzhandi mintzatuz geroztik.

Izan banu zentzu bezenbat amodio, Kaxkopel nere senarrak nahikunde azkarragoa izanen zuen; eta ez zen - barka, otoi! - andere Bareren bidetarat lerratuko.

ANDERE BARE: Zer egin behar dut beraz?

Etxe huntarik joan.

KAXKOPEL: Ez, ez.

ZENTZULUZ: Etxekoa zaitugu, ttantta, etxekoa; zure jitea, haatik, sar-araz zuk ere maitasun bidetan.

Emazu etxean goxotasun, eztitasun.

Izan zaite, amatxi bat bezala, gure zazpi haurren bozgarri.

ANDERE BAIBAI: Eta gutaz,

ANDERE BILBIL: Gutaz zer diozu?

ZENTZULUZ: Gauza bera.

ANDERE BAIBAI: Oi, oi!

ANDERE BILBIL: E-e-e, ez ditake.

ZENTZULUZ: Bai zuek ere jitez onak zarezte.

Andere Bilbil-ek badaki gauzen balioa; eta andere Baibai-k jenden balioa.

Haatik andere Bilbil-ek, bil bil egiteko orde, egiten balu eman-eman, zer ttantta paregabea litaken!